Edukira joan

Viena

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Koordenatuak: 48°12′30″N 16°22′21″E / 48.2083°N 16.3725°E / 48.2083; 16.3725
Wikipedia, Entziklopedia askea
Vienna» orritik birbideratua)

Viena
Wien
federal capital (en) Itzuli
Administrazioa
Estatu burujabe Austria
AlkateaMichael Ludwig
Izen ofizialaWien
Groß-Wien
Jatorrizko izenaWien
Posta kodea1000–1239, 1400, 1402, 1251–1255, 1300–1301, 1421, 1423, 1500, 1502–1503, 1600–1601, 1810 eta 1901
Geografia
Koordenatuak48°12′30″N 16°22′21″E / 48.2083°N 16.3725°E / 48.2083; 16.3725
Map
Azalera414,78 km²
Altitudea151 m, 198 m eta 542 m
MugakideakAustria Beherea, Gänserndorf District (en) Itzuli, Bruck an der Leitha District (en) Itzuli, Mödling District (en) Itzuli, Sankt Pölten District (en) Itzuli, Tulln District (en) Itzuli eta Korneuburg District (en) Itzuli
Demografia
Biztanleria1.973.403 (2022ko urriaren 1a)
Dentsitatea4.758 bizt/km²
Herritarravienar[1]
Informazio gehigarria
SorreraK.a. I. mendea
Telefono aurrizkia01
Ordu eremuaUTC+01:00, UTC+02:00 eta Europa Erdialdeko Ordua
Hiri senidetuakBerna, Bratislava, Budapest, Mosku, Zagreb, Kiev, Brno, Belgrad, Tel Aviv, Istanbul, Varsovia, Sofia, Ljubljana, Vaduz, Tunis, Pula, Odesa eta Brasilia
MatrikulaW
wien.gv.at eta wien.at

Viena[1][2] (alemanez: Wien, viːn ahoskatua; bavarieraz: Wean, veɐ̯n ahoskatua) Europa erdialdeko hiria da, Danubio ibaiaren ertzean kokatua, Vienako basoen haranean, Alpeetako lehen haranen inguruan[3]. Austriako hiriburu federala eta herrialdeko hiri nagusia da; gainera, herrialdea osatzen duten bederatzi estatu federaleko bat da (Bundesland Wien); halaber, Austriako gune kultural eta politikorik handiena da[4][3].

Viena Europako hiri jendetsu eta handienetako bat da, 415 km2-ko azalera du, eta 1.700.000 biztanle inguru[5]; bere metropoli-eskualdean, bi milioi pertsona baino gehiago ditu[6], eta hizkuntza ofiziala alemana da.

Hiriak historia luzea du, Europako hiribururik zaharrenetakoa baita. Horren ondorioz, ondare artistiko eta kulturala izugarria du[7]. XVIII. eta XIX. mendean, munduko musika-hiribururik nagusietakoa izan zen[4], bada, musikagile ospetsuen sorlekua baita, hala nola Beethoven, Mozart eta Strauss[8]. XX. mendearen hasieran, Mendebaldeko filosofian eta eztabaida politikoan loratu zen Vienako Zirkuluaren sorrerarekin, Aristotelesen filosofia oinarri duen kultur taldearen sorrerarekin[9][10].

Vienako ikuspegi bat.

Viena izenak zelta jatorria du, eta «hiri zuria» esan nahi bide zuen, zenbait ikerlariren iritziz. Antzinako erromatarrek Vindobona deitu zioten, hitz zelta hartan oinarrituta. Europa osoan zabalduta dauden Viena, Viana eta Veana izenek jatorri bera ei dute: beann hitza, alegia. Beann izenak «mendia» edo «gailurra» esan nahi du. Zelta jatorriko hizkuntzetan gorde da hitz hori. Adibidez, Eskoziako gaeleran, beann «gailurra» da, eta, Irlandako protogaelikoan, benn hitza erabiltzen zuten.

Beste ikerlari batzuen ustez, berriz, Viena izena windu hitz zeltatik dator, haren esanahia «distiratsua» izanik.

Ikus, gainera: «Vindobona»

Hiriko lehen biztanleak iliriarrak izan ziren, K.a. 1000. urtean, eskualdea populatu zutenak, iliriar indoeuropar misteriotsuek goi-mailako zibilizazio barbaroa ezarri zuten Vienaren inguruan. Horien ondoren, Galiatik ekialderantz emigratu zuten zeltak etorri ziren K.a. 400. urte inguruan[11].

Europako hiri asko bezala, Viena erromatarrek sortu zuten K.a. 15ean; erromatar legionarioak eskualdean kokatu ziren Vindobona izeneko kanpaleku handi bat osatuz. Kanpalekua muga zaintzeko kokaleku gisa sortu zuten Erromatar Inperioa iparraldeko germaniar tribuen aurka gorde zezan. Lekua defendatzen zuten harresi handiak hiriaren erdigunean ikus daitezke, eta nabaritu daiteke metropoliko eraikin batzuek duten egitura bitxian[4][12].

III. mendean, kokaleku zibil bat egon zen kanpalekuaren hegoaldean, baina, oraindik ere, gertaera honi buruzko gauza handirik ez da ezagutzen. IV. eta V. mendeetatik aurrera, Erromatar Inperioak krisi larri bati aurre egin behar izan zion, eta horrek eragin nabarmena izan zuen Vindobona hirian[13]. Marko Aurelio kanpalekuan hil zen 180. urtean; horren ondoren, markomanoek askotan arpilatu zuten hiria; hainbesteraino iritsi zen egoera, ezen Teodosio II.a enperadoreak, K.o. 433. urtean, kanpalekuan kokatzeko baimena eman baitzien hunoei.

Vindobona hiria eraso zuten herri barbaroek berek defendatu zuten, zeinak ekialdeko herrien inbasioak gelditzeko gotorlekuak sortu zituzten[14].

Goi Erdi Aroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bavariarrak eta hungariarrak borrokan ibili ziren heien boterea eskualdean ezartzeko. 881. urtean, bi herri horien arteko liskarrak are sarriago gertatu ziren; urte haietan, hiriaren izena Wenia zen. Hurrengo urteetan, hiriak ez zuen inolako potentzial estrategikorik izan; gainbehera handi baten sartu, eta gero eta jende gehiago joaten zen bertatik[15].

Magiarrak eutsi ondoren, babenbergtarrek Austriako Margraverria sortu zuten 955. urteko Lechfeldeko guduari esker[16].​ Babenbergtarrek, bere burua, Austriako duke gisa ezarri zuten 976. urtean, Austriako lurraldeak hedatuz hungariarrak konturatu gabe; horri esker, hiria abiatu zen Europako erresumarik boteretsuenetako baten hiriburu izatera eramango zuen bidaia batean[17].

Erdi Aro Klasikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Magiarrek hiria askotan finkatu bazuten ere, babenbergtarrek eskualdean beren boterea ezartzen jakin izan zuten. Azkenean, XII. mendean, margraveek hirian zuten boterea sendotu zuten[16].

1150. urtearen inguruan, Viena babenbergtarren etxeko egoitza ofiziala bihurtu zen, Bavariako duke-dukesek hiriko monasteriorik zaharrena eraiki zuten: «Sankt Maria zu den Schotten» (Eskoziarren Andre Maria). Viena benetako hiri bihurtu zen, mendeetan Europako herri ugarirentzako kokaleku bat gehiago izan ondoren[16].

Behe Erdi Aroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1276an, Rodolfo I.a Habsburgokoak Vienaren kontrola hartu zuen gudu baten ondoren. Ottokar erregeari aurreko enperadoreak administratzeko emandako lurrak kendu zizkion, eta bere seme Alberto I.a Habsburgokoa izendatu zuen administratzaile inperialtzat.

Rodolfok Austriako hiriburu bihurtu zuen Viena. Harrezkero, habsburgotarrek gobernatu zuten Austria 1919ra arte[18].

1440an, Habsburgo dinastiaren egoitza izan zen. Hortik aurrera, Viena handitzen joan zen, Germaniako Erromatar Inperio Santuko hiriburu bilakatu arte. XVI. eta XVII. mendeetako otomandarren inbasioak Vienan bertan geldiarazi zituzten, Vienako setioa 1529koa eta Vienako gudua 1683koa baitira.

Vienako 1493. urte inguruko marrazkia

Konstantinopla erori eta Otomandar Inperioa hedatu zenean, Europako zati handi bat arriskuan jarri zen, hainbat hiri, hala nola Viena, edozein momentutan inbadituak izan zitezkeen, turkiarrek hiru aldiz setiatu zuten Austriako hiriburua, eta horietako bat 1529an izan zen, jenizaroek Fernando I.a eta Karlos V.aren[19] tropa inperialei aurre egin zietenean. Suleimanen armadak zuen boterea zuela ere, turkiarrek ezin izan zuten hiria setiatu; tropa inperialek mina asko desaktibatu zituzten, eta Espainiar Inperioak turkiarrak atxiki ahal izan zituen, erabat jota utziz[20].

Ondorengo urteetan, Erreforma protestantea Austriara iritsi zen Alemaniako lurretatik, eta, orduan, habsburgotarren eliza kontserbadoreak Luteroren erreformari aurre egin behar izan zion[21]. 1520tik aurrera, exekuzioak ohikoak izan ziren; gobernu kontserbadoreak isilarazi zituen protestanteak; hainbat kasu berehala egin ziren ezagun, hala nola Baltasar Hubmaierrena[22].

Viena 1758an.

Hirugarren setioa 1683an izan zen, Vienako gudua deiturikoan, eta Otomandar Inperioaren gainbeheraren hasiera markatu zuen Europan. Kara Mustafa bisir handiak hasi zuen, bere posizio ezegonkorra indartzeko arrakasta militarra behar baitzuen, eta hori lortzen saiatu zen Leopoldo I.a enperadorearen aurkako kanpaina batean[23][24].​​ Turkiarrek aurrera egin zuten indar ikaragarriz; uztailaren 16an, hiria setiatu zuten, baina, setio-artilleriarik ez zuenez, tropa austriar, alemaniar eta poloniarrez osatutako armada gehigarri bat biltzea ahalbidetu zion Leopoldori, armada turkiarra garaitu zuena irailaren 12an hiriko harresien aurrean emandako gudu batean, Kahlenbergeko gudua izenez ere ezagutzen dena[24][25].

1804an, Austriako Inperioko hiriburu bihurtu zen Viena, eta Danubio haranean zehar hedatzean handitu egin zen bere garrantzia[4].​ Europako barrokoaren gune nagusi bihurtu zen, arkitektura lan eta musika-sorkuntza garrantzitsuei esker[4][26].​​ 1800ean, napoleondar gerren aurretik, hiriak 231.900 biztanle zituen[4]; beraz, paper garrantzitsua jokatzen jarraitu zuen Europako zein munduko politikan.

1683ko setioaz geroztik, zeinean harresiaren kanpoaldean zeuden hiri txiki ugari suntsitu baitziren, hiriaren aurreko lursail uhinduan lorategiz hornitutako jauregi ugari altxatu ziren[26].​ Abiapuntua Schönbrunneko errege-jauregiaren planoak izan ziren, Johann Bernhard Fischer von Erlachek eginak. 1720 aldera, 200 landa-egoitza zeuden. Eugenio Savoiakoa printzeak,1693an, iritsi zitzaizkion lehen diru-sarrerekin, lursailik ederrena eta handienetako bat eskuratu zuen. Bertan, berrogei urteko lanaren ondoren, Belvedere jauregia eraiki zuen, bere lorategi zabalekin[26].

Napoleonen aldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Vienako Batzarra»

Austriak Wagrameko guduan galdu ondoren[4][27], Napoleonek Schönbrunn jauregian hartu zuen ostatu (non –historiaren ironiak–, urte batzuk lehenago, Luis XVI.ak eta Maria Antonietak (Maria Teresa eta Frantzisko I.a Austriako enperadoreen alaba) hartu zuten ostatu). Bertan, 1809ko urriaren 14an, Schönbrunn-eko Kontratua sinatu zuen, zeinarekin Austriak Wagrameneko porrota eta eskualdearen frantziar okupazioa onartzen baitzuen[4][28].

Vienako Kongresuko ordezkarien grabatua.

Napoleon Bonaparteren porrotaren ondoren, garai hartako europar potentzia nagusiak Vienan bildu ziren, eta, 1814ko urriaren 1etik 1815eko ekainaren 9ra arte, Vienako Kongresua burutu zen bertan kontinentean politika berriak eta Frantziari birkonkistatutako lurraldeen banaketa erabakitzeko[4][29][30][31].​​​​ Topaketa diplomatiko horren bultzatzaile nagusia Klemens von Metternich izan zen[29], Napoleonen aurkako mugimenduaren buru Frantziak Austria okupatu zuenean; Vienako egun horiek oso garrantzitsuak izan ziren Austriako hiriburua mundu osoko diplomazia-zentro nagusietako bat izan zedin[30].

Hiriak bere defentsarako harresiak mantentzen jarraitu zuen, baita Europako beste hiri batzuk erabat desgotortzen hasiak ziren unean ere[32].​ Baina Napoleon hirian garaile sartu zenean, hark hiriko gotorleku guztiak suntsitu zituen; horrek Vienari azkarrago urbanizatzen lagundu zion. Hiria zabaltzen hasi zen Austria-Hungariako Inperioaren urteetan, eta Viena mundu osoko hiri enblematikoenetako bat bihurtu zen[32].

Austria-Hungariako Inperioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hiriaren ikuspegia, Austria-Hungariako Inperioaren hiriburua, XIX. mendearen amaieran.

XIX. mendean, batez ere bigarren zatian, Vienak demografia-hazkunde bat hasi zuen hirigintza-erreformekin batera, eta, ondorioz, hiri handi bihurtu zen mende batean biztanleria hamar aldiz biderkatuz. 1857an, harresiak eraitsi ziren Austriako Frantzisko Jose I.aren dekretuz, eta etorbide berri bat ireki zen, Ringstraße; bertan, eraikin garrantzitsuak eraiki ziren, hala nola opera, unibertsitatea, udaletxea, Legebiltzarra, burtsa eta artearen historiaren eta historia naturaleko museoak[4].

Austriak, 1866an, Austria-Prusia gerran jasandako porrotak eta, ondoren, Alemaniako estatuek Prusiarekin bat egiteak, Austriarentzat arrisku bihurtu zuten Alemania batua; beraz, Austria Hungariarekin bat egin behar izan zuen «konpentsazio-politika» edo Ausgleichpolitik izenez ezagutzen den horretan. Hala, 1867an, Austria-Hungaria Konpromisoaren ondoren, Viena Austria-Hungariako Inperioaren hiriburu bihurtu zen, eta munduko lehen mailako kultura-, arte-, politika-, industria- eta finantza-zentro. Aliantza horrekin, Austriak beste herrialde batzuk gehitzen jarraitzen du, eta, XIX. mendearen amaierarako, inperioak gaur egun herrialde diren hauek hartzen zituelarik: Austria, Hungaria, Eslovakia, Txekiar Errepublika, Poloniako Galitzia, Errumaniako Transilvania, Bucovina eta Rutenia ukrainarrak, Kroazia, Bosnia-Herzegovinia, Eslovenia eta Italiako Trentino-Adige Garaia[4].

Viena 1916an iritsi zen bere goi-maila demografikora, 2.239.000 biztanlerekin, eta Europako hirugarren hiririk handiena da. Aldi hori da habsburgotarren monarkiaren garai kulturalik loriatsuena, Frantzisko Jose I.a Inperioa gobernatzen zuela (1848-1916 aldia). Vienako Estatu Operan, Vienako luxuzko baltsen garaia ere bada, zalgurdi handiak Ringstraße eta Kärntner Straße kaleetan paseatzen, baita Vienako kafetegi tipikoak ere[4].

Garai hartan nabarmentzen diren intelektualak dira: Sigmund Freud psikoanalisian eta Otto Bauer pentsamendu politikoaren eremuan, austromarxismoaren adierazle nagusia, Ideia horiek indar handia izan zuten Vienako gizartean, bada, 1895ean, udal gobernua alderdi sozial-kristauaren esku baitzegoen, egungo ÖVP (demokristaua) alderdiaren aitzindaria. Arte-mailan ere ez da ahaztu behar mugimendu modernista (Vienako Sezesioa) (Secession), non pinturan Gustav Klimt, grafismoan Coloman Moser eta arkitekturan Otto Wagner, Joseph Maria Olbrich eta Josef Hoffmann nabarmendu daitekeen. Horien aurrez aurre jarri daiteke Adolf Loos, bere arrazionalismo arkitektonikoarekin. Hala ere, Lehen Mundu Gerrak eta ondorengo Austria-Hungariaren porrotak distira horren zati handi bat zapuztu zuten.

Garai horretan ere, 1913an zehazki, azpimarratzekoa da hiriko toki batean bizi izan zirela Adolf Hitler, Iósif Stalin, Josip Broz Tito, León Trotski eta Freud bera, besteak beste. Ez dakigu horien artean bilerarik izan ote zen.

Gavrilo Princip terrorista serbio-bosniarrak Franz Ferdinand artxiduke-oinordekoa eta Sophie Chotek bere emaztea hil zituen Sarajevon[4][33][34], eta, Serbiako inteligentzia zerbitzuek konplotean parte hartu zuteneko froga ikaragarriaren aurrean, monarkia dualak gerra deklaratu zion Serbiari, eta Lehen Mundu Gerra lehertu zen[4][33].​​ 1918ko urrian, Austria-Hungaria eta bere aliatuak garaituak izan ondoren, Vienan iraultza lehertu zen, monarkia desegitea eta Austriaren independentzia eskatzen zuena; 1278tik herrialdea gobernatzen zuten habsburgotarren monarkiaren amaiera izango zen[4][35].

Austriako Errepublika

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Viena 1923 inguruan.

Viena, Saint-Germain-eko Itunaren ondoren, Austriako Errepublika txikiaren hiriburu bihurtu zen, gaur egungo tamainara murriztua eta hondamendi demografiko, ekonomiko eta politiko handia jasanda. Hala eta guztiz ere, garai hartan, jarduera intelektualak Vienako Zirkuluarekin jarraitu zuen (der Wiener Kreis), askok XX. mendeko Europako intelektual garrantzitsuenen taldetzat jotzen dutena; haien artean nabarmentzen dira, besteak beste, Moritz Schlick eta Ludwig Wittgenstein filosofia positibista logikoan (Logischer Empirismus)[4].

Errepublikaren garai demokratikoan, hau da, 1918tik 1934ko Engelbert Dollfussen diktadura arte, Langileen Alderdi Sozialdemokratak (Sozialdemokratische Arbeiterpartei) gehiengo osoa lortu zuen tokiko gobernurako egindako hauteskunde guztietan; beraz, hiria, Viena gorria izenez ezagutua izatera pasa zen. Urte horietako politika sozialdemokrataren ezaugarri nagusiak izan ziren etxebizitza sozialen programa zabala eta hezkuntza eta osasun publikoari emandako laguntza nabarmena, korronte austromarxistak zioena. Viena gorria 1934an amaitu zen Austriako gerra zibilaren eta Fronte Abertzalearen garaipenaren ondorioz. Hiriaren garaiko azken alkatea Karl Seitz izan zen[4].

Bigarren Mundu Gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Adolf Hitlerrek, 1938ko martxoaren 14an, bere lehen hitzaldi garrantzitsua eman zuen Vienako herritarrei Hofburg jauregi inperialeko balkoi nagusitik.

Vienako kulturaren garrantzia 1938ra arte mantendu zen, urte hartan herrialdea inbaditu eta, ondoren, Alemania naziak bereganatu zuen arte. Anexio hori, Anschluss izenez ezaguna, bake itunetan debekatua zegoen, eta germaniar guztiak, lidergo bakar baten pean, Estatu bakar batean batzeko joera zuen lehen hedapena izan zen (ein Reich, ein Volk, ein Führer). 1938ko martxoaren 14an, Ostmark probintziako hiriburu bihurtu zen hirian, Hitlerrek lehen hitzaldi handia eman zien vienarrei Hofburg jauregiko balkoi nagusitik. Diskurtsoa diktadorearen hunkigarrienetakotzat eta txalotuenentzat jotzen da, Austria Germaniako Hirugarren Inperioarekin (Dritte Reich) bat egiteak herritar batzuen artean eragiten zuen euforiagatik. Inbasioa legitimatzeko, erreferendum bat egin zen apirilaren 10ean, eta Anschluss-en aldekoa atera zen, % 99,73ko babesarekin; hala ere, ez zeukan berme demokratiko nahikorik.

Bigarren Mundu Gerran, Vienak Estatu Batuen aire-bonbardaketa neurrigabeak jasan zituen, eta ondare historikoaren zati handi bat suntsitu zuten (Doneztebe katedral gotikoa, Hofburg jauregia, Vienako opera, Danubioko zubiak, besteak beste), gerra ostean berreraiki zena. 1945eko maiatzean, Viena sobietar armadak hartu zuen, eta frantziar, estatubatuar eta britainiarrekin batera, hurrengo hamar urteetan okupatu zuten hiria lauko okupazio sistema baten pean, Berlingoaren antzekoa.

Viena 1966an.

Leopold Figl eta Julius Raaben gestioen ondoren, Vienako lau potentzien kontrolak, 1955eko maiatzean Austriako Estatu Ituna sinatu arte, iraun zuen. Urte hartan, berreraikitze eta zaharberritze urteen ondoren, Vienako opera eta Burgtheater, biak Ringstraßen, berriro ireki zituzten jendearentzat. Sobietar Batasunak gobernu federalaren berme politikoa jaso ondoren sinatu zuen Estatu Ituna, eta, tropa aliatuak erretiratu ondoren, Austriaren neutraltasuna aldarrikatu zuen. Neutraltasun lege horrek, 1955eko urriaren amaieran onartua (eta ez Estatu Ituna bera), esaten zuen Austria modernoak ez zuela bat egingo ez NATOrekin ez bloke sobietarrarekin, eta Austria, 1995ean, Europar Batasunean sartzeko atzerapenaren arrazoietako bat kontsideratzen da.

1970eko hamarkadan, Bruno Kreisky kantzilerrak Vienako Nazioarteko Zentroa inauguratu zuen. Bertan, nazioarteko elkarteen egoitzak eraikitzekoak ziren. Horrela, Vienak bere lehengo nazioarteko maila berreskuratu du, nazioarteko erakundeak hartu baititu, hala nola Nazio Batuen Erakundea (Industria Garapenerako Nazio Batuen Erakundea, Nazio Batuen Erakundearen Bulegoa Vienan eta Droga eta Delituen Aurkako Nazio Batuen Bulegoa) Proba Nuklear Osoa Prestatzeko Batzordea – Debekuaren Tratatua antolatzea, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea (LPEE) edo Europako Segurtasunerako eta Elkarlanerako Erakundea.

Urtea Biztanleria
1724 150.000
1754 175.460
1790 200.000
1796 235.098
1800 231.900
1810 224.548
1830 401.200
1840 469.400
1850 551.300
Urtea Biztanleria
1857 683.000
1869 900.998
1880 1.162.591
1890 1.430.213
1900 1.769.137
1910 2.083.630
1916 2.239.000
1923 1.918.720
1934 1.935.881
Urtea Biztanleria
1939 1.770.938
1951 1.616.125
1961 1.627.566
1971 1.619.885
1981 1.531.346
1988 1.506.201
1991 1.539.848
2001 1.550.123
2013 1.741.246
Urtea Biztanleria
2014 1.793.667
2017 1.867.582
    Datu klimatikoak (Viena)    
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 16.7 19.1 25.5 27.8 30.7 35.9 36.0 37.0 31.1 26.4 20.8 16.1 37.0
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 2.9 5.1 10.3 15.2 20.5 23.4 25.6 25.4 20.3 14.2 7.5 4.0 14.5
Batez besteko tenperatura (ºC) 0.1 1.6 5.7 10.0 15.2 18.2 20.2 19.8 15.3 9.9 4.6 1.5 10.2
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) -2.0 -0.9 2.4 5.8 10.5 13.5 15.4 15.3 11.7 7.0 2.4 -0.5 6.7
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) -19.6 -17.2 -15.3 -2.7 1.0 4.8 8.4 7.0 3.1 -4.5 -9.6 -18.1 -19.6
Pilatutako prezipitazioa (mm) 37.2 39.4 46.1 51.7 61.8 70.2 68.2 57.8 53.5 40.0 50.0 44.4 620.3
Prezipitazio egunak (≥ 1.0 mm) 7.3 7.6 8.3 7.5 8.5 9.1 9.0 8.0 7.0 6.0 8.3 8.2 94.8
Elur egunak (≥ 1.0 cm) 13.9 10.0 4.0 0.4 0.0 0.0 0.0 0.0 0.0 0.0 2.7 8.3 39.3
Eguzki orduak 60.9 90.1 131.5 173.8 228.0 222.8 241.8 239.2 167.6 131.2 65.5 52.0 1804.4
Iturria: http://www.zamg.ac.at/fix/klima/oe71-00/klima2000/klimadaten_oesterreich_1971_frame1.htm Meteorologia eta Geodinamika Instituto Nazionala.

Ondasun nabariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vienar ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri senidetuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vienako Udalak nazioarteko hiriekin ez senidetzeko politika du. Horren ordez, batzuekin lankidetza hitzarmenak sinatuta dauzka, esparru zehatz batzuetan:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. Euskaltzaindia. (2008-05-30). 154. araua: Europako eskualde historiko-politiko nagusiak. .
  3. a b (Gaztelaniaz) «Viena (Austria)» Organización de las Ciudades del Patrimonio Mundial (kontsulta data: 2023-10-20).
  4. a b c d e f g h i j k l m n o p q (Gaztelaniaz) «Monumental Viena» La Vanguardia 2010-03-21 (kontsulta data: 2023-10-21).
  5. (Gaztelaniaz) «Guía de Viena - Información general - Datos sobre Viena» Guía de Viena - Guía local de Viena, Guía de ocio en Viena - Información sobre Viena (kontsulta data: 2023-10-20).
  6. (Gaztelaniaz) Mammedov, Dadaş. (2021-08-04). «Área metropolitana de Viena» www.wiki3.es.nina.az (kontsulta data: 2023-10-20).
  7. (Gaztelaniaz) «Viena» viajes.nationalgeographic.com.es (kontsulta data: 2023-10-20).
  8. (Gaztelaniaz) Ulises, Las sandalias de. (2021-08-15). «Viena, la ciudad de la música» Las sandalias de Ulises (kontsulta data: 2023-10-20).
  9. (Gaztelaniaz) «¿Qué fue el Círculo de Viena? Historia de este colectivo filosófico» psicologiaymente.com 2018-09-17 (kontsulta data: 2023-10-20).
  10. (Gaztelaniaz) Editorial, Equipo. (2022-06-21). «El círculo de Viena y su importancia para el mundo moderno» Mejor con Salud (kontsulta data: 2023-10-20).
  11. «Early History in Vienna | Frommer's» www.frommers.com (kontsulta data: 2023-10-13).
  12. (Ingelesez) ktv_wwalter. «From the Romans to the Middle Ages - History of Vienna» www.wien.gv.at (kontsulta data: 2023-10-13).
  13. (Ingelesez) ktv_wwalter. «From the Romans to the Middle Ages - History of Vienna» www.wien.gv.at (kontsulta data: 2023-10-13).
  14. (Gaztelaniaz) Geijo, Sergio. (2018-12-20). «DESCUBRIENDO LA VIENA ROMANA» VIATOR IMPERI (kontsulta data: 2023-10-14).
  15. «Mittelalter» www.geschichtewiki.wien.gv.at (kontsulta data: 2023-10-14).
  16. a b c (Ingelesez) ktv_wwalter. «Rising to the Rank of a City - History of Vienna» www.wien.gv.at (kontsulta data: 2023-10-14).
  17. Fidelissimus, Princeps. (2011-02-04). «Noble y Real: La Casa de Babenberg» Noble y Real (kontsulta data: 2023-10-14).
  18. (Alemanez) «Geschichte Wiens: Mittelalter – KiwiThek» kiwithek.wien (kontsulta data: 2023-10-14).
  19. (Gaztelaniaz) Engra, Alberto Menéndez. (2019-10-18). «Asedio de Viena 1529: resistencia cristiana frente al turco» academiaplay (kontsulta data: 2023-10-20).
  20. (Gaztelaniaz) Brule, Álvaro Van den. (2015-07-05). «El sangriento sitio de Viena: la heroica victoria que salvó a Occidente» elconfidencial.com (kontsulta data: 2023-10-20).
  21. (Gaztelaniaz) «La reforma protestante en Austria (2) – Viena Directo» vienadirecto.com 2017-08-09 (kontsulta data: 2023-10-20).
  22. (Ingelesez) «Wien» Reformationsstädte Europas (kontsulta data: 2023-10-20).
  23. «The 1683 siege of Vienna» www.visitingvienna.com (kontsulta data: 2023-10-21).
  24. a b «El sitio de Viena y el café | cafespaquillo.com» www.cafespaquillo.com (kontsulta data: 2023-10-21).
  25. (Ingelesez) «Siege of Vienna | History, Importance, Combatants, & Significance | Britannica» www.britannica.com 2023-10-11 (kontsulta data: 2023-10-21).
  26. a b c (Ingelesez) «Baroque Period In Vienna: Guide to Baroque Architecture, Music And More» Vienna Unwrapped (kontsulta data: 2023-10-21).
  27. «Batalla de Wagram _ AcademiaLab» academia-lab.com (kontsulta data: 2023-10-20).
  28. «La historia del Palacio de Schönbrunn, Viena» www.imagevienna.com (kontsulta data: 2023-10-20).
  29. a b (Gaztelaniaz) «Historia de Viena - Pasado, presente y futuro de Viena» www.disfrutaviena.com (kontsulta data: 2023-10-21).
  30. a b Press, Europa. (2015-06-09). «Congreso de Viena: Europa se reparte el botín de Napoleón» www.europapress.es (kontsulta data: 2023-10-20).
  31. (Gaztelaniaz) «Liberalismo y reacción: la Europa del Congreso de Viena (1815)» Fundación BBVA (kontsulta data: 2023-10-20).
  32. a b (Ingelesez) ktv_wwalter. «Napoleonic wars to "Pre-March Period" - History of Vienna» www.wien.gv.at (kontsulta data: 2023-10-20).
  33. a b (Gaztelaniaz) «En fotos: así comenzaba la Primera Guerra Mundial hace 100 años» BBC News Mundo 2014-08-04 (kontsulta data: 2023-10-21).
  34. (Gaztelaniaz) «Primera Guerra Mundial» encyclopedia.ushmm.org (kontsulta data: 2023-10-21).
  35. (Ingelesez) ktv_wwalter. «From the Austro-Hungarian Empire to the Republic - History of Vienna» www.wien.gv.at (kontsulta data: 2023-10-21).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]