Ibai


Ibaia ur gezako korronte natural bat da[1], lehorrean edo harpetan sortuz beste goratasun txikiagoko ur-masa baterantz doana, hala nola ozeano batera, aintzira batera edo beste ibai batera. Ibai bat bere ibilguaren amaierara iritsi baino lehen lehortu daiteke urik gabe geratzen bada, edo urtaro jakin batzuetan bakarrik isuri. Ibaiak uraren zikloak erregulatzen ditu. Uraren zikloa ura Lurraren inguruan mugitzen den prozesua da. Ura, lehenik, euriteen bidez sartzen da ibaietan, dela euria, ur-isurketa malda batetik behera, glaziarren edo elurraren urtzea edo Lurraren azalaren azpian dauden akuiferoen iragazpenengatik.
Ibaiak ur-ibilgu kanalizatuetan isurtzen dira, eta, elkarguneetan, bat egiten dute drainatze-arroak edo harguneak eratzeko, azkenean, azaleko ura irteera komun batera isurtzeko. Ibaiek eragin handia dute inguruko paisaian[2]. Aldian-aldian, gainezka egin eta inguruak urez bete ditzakete inguruetara mantenugaiak zabalduz. Ibaiek eramandako sedimentu edo alubioiak bere inguruko paisaia moldatzen du deltak eta uharteak eratuz, non emaria moteltzen den[2]. Ibaiak oso gutxitan doaz lerro zuzenean; horren ordez, bihurguneak edo meandroak eginez doaz; Ibai baten bazterrak sarri alda daitezke. Ibaiek higaduratik lortzen dute alubioia, arroiletan eta haranetan arroka zizelkatuz.
Ibaiek milaka urtez eutsi dute gizakien eta animalien bizitza, lehen giza zibilizazioak barne[3]. Ibai baten inguruan edo bertan bizi diren organismoek, hala nola arrainek, uretako landareek, onddoek, moluskuek eta intsektuek, rol desberdinak jokatzen dituzte: ekoizpen primarioa, materia organikoaren prozesamendua, harraparitza, parasitismoa eta usteltzea barne. Ibaiek baliabide ugari sortu dituzte gizakientzako, besteak beste, elikagaia, garraioa, edateko ura eta aisia. Gizakiak, historian, ibaien ingeniaritza diseinatu du uholdeak saihesteko, laboreak ureztatzeko, ur-gurpilekin lana egiteko eta presen bidez hidroelektrizitatea ekoizteko. Antzinatik, jendeak bizitzarekin eta emankortasunarekin lotu ditu ibaiak, eta elementu erlijioso, politiko, sozial eta mitologiko indartsuak erantsi dizkie. Gaur egun, gizakien % 90 baino gehiago, ibai batetik 16 kilometro baino gutxiagora bizi da[4].
Ibaiak eta horien ekosistemak arriskuan daude uraren kutsaduraren, klima-aldaketaren eta giza jardueraren ondorioz[5]. Presak, ubideak, dikeak eta beste egitura batzuk eraikitzeak habitatak desagerrarazi ditu; espezie batzuen iraungipena eragin du; mantenugaien eskuragarritasuna maila toxikoetaraino handitu du, eta ibaietan zehar doan alubioi kopurua jaitsi egin da[6]. Klima aldaketak eragindako elurte jaitsieraren ondorioz, ibaiek ur gutxiago dute erabilgarri udan. Kutsaduraren erregulazioak, presak kentzeak, eta ur zikinen tratamenduak uraren kalitatea hobetzen eta ibaietako habitatak leheneratzen lagundu dute. Zenbait organismo, hala nola belakiak eta onddoak, bioadierazle baliagarriak dira ibaien osasunerako[7][8].
Hitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Toponimian, ibai hitza 1095ean ageri zen lehen aldiz, Bizkaiko Foruan: illo flumine qui venit de Angulo ad Ibaizabal[9]
Sinonimoak dira: ur handia[10] (Ipar.), erribera[11] (Ipar.), uhaitz[12] (Zub.), ugalde (GNaf.) eta errio[13] (Beh.). Ibai txikiek erreka, errekasto edo lats izena hartzen dute.
«Ibai» gizenezko izena ere bada,[14], eta «Ibaia» emakumezkoena[15].
Topografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ibaia, normalean, iturburu batean (edo askotan) hasten da, gehienetan banalerroan kokatua; erreka guztiak jasotzen ditu bere arroan; ibilgu izeneko bidea jarraitzen du, eta bokale edo ibai-ahoan amaitzen da (itsasoan, aintzira baten edo beste ibai baten). Ibai bateko ura, normalean, ubidera mugatzen da, ibai-ertzek mugatua. Ibai nagusiak jasotzen dituen beste ibaiei, ibaiadar deritze. Ibai handienetan, uholde-lautada izaten da, ubidea gainditzen duten uholde-urek osatua. Uholde-lautadak oso zabalak izan daitezke ubidearekin alderatuta. Ubidearen eta uholde-lautadaren arteko bereizketa hori lausoa izan daiteke, batez ere hiriguneetan, non etxebizitzak eta industriak asko garatu baitezakete ibai-ertz eta lautadan bertan.

Lurralde lauetan, ibaiek meandroak era ditzakete, hau da, ubidearen kurba erregularrak. Lurraldea malkartsua bada, berriz, ur-jauziak eta ibai-lasterrak sor ditzake, eta, menditsua bada, arroilak. Ibaiek sedimentu edo jalkin kopuru handiak garraiatzen dituzte bankuak edo uharteak eratuz, eta, bokalean, deltak. Ibai-ahoa zabala eta sakona bada, estuarioa sor dezake.
Arro eta ibarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uhar eta ibai labur batzuk euren iturburutik itsasoraino luza daitezke beste ibai handiago baten ibaiadar bihurtu gabe eta beste ibai batzuetatik urik jaso gabe. Oro har, ibai bat drainatze-sare baten zati da, arro hidrografiko bat osatzen duena. Arro batzuek kilometro karratu gutxi hartzen dituzte; Amazonasen arroa, berriz, 6,14 milioi km² luze-zabal da, munduko handiena.
Oro har, ibai-haran gazteek «V» itxura dute, batez ere duela gutxi altxatu diren mendialdeetan, baina forma hori aldatu egiten da ibaiaren ibilguan zehar, eta handitu egiten dira haren tamaina, malda, zeharkako profila, sedimentuak garraiatzeko ahalmena eta beste hainbat ezaugarri[16].
Higa-lana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ibaiak erliebearen desegile eta egile dira aldi berean: batetik, ibarretan higa-lana eginez, malkarrak sortzen dituzte (degradazioa), eta, bestetik, ibai jalkinak metatuz, eremu lauak eratzen dituzte (gradazioa).
Ibaien ur-laster etengabe horrek materialak higatzen ditu, eta ibarrak eratzen ditu, gero eta ibar zabalagoak, gainera, ibarreko maldak gutxituz baitoaz tektonika prozesuek berdintze lana egiten ez badute, betiere. Malda horiek –gero eta txikiagoak– ibaien arteko banalerroan elkar ebakitzen duten neurrian lurra zelaituz joaten da. Pixkana-pixkana, beraz, ibaiaren higa-lanak lurralde lauak eratzen ditu; dena den, horretara bitartean, era askotako erliebeak eratzen dira.
Ekosistema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ibaietako ekosistemetan, bi unitate ekologiko nagusi daude: bat, ibaia beraren ibilguan sortzen dena eta, bestea, ibaiertzetako ingurunean sortzen dena.
Ibaiaren uretan, izaki bizidun asko bizi dira. Algek eta ornogabeek bentos izenekoa osatzen dute, eta horiei esker bizi dira bertako arrainak, hegaztiak eta ugaztunak. Ornogabe bentikoek kate trofikoaren oinarri dira, eta gaineko espezieen elikagaia, gainera, uraren kalitatearen adierazle biologikoak ditugu. Algak, moluskuak, krustazeoak eta intsektuen larbak ibai baten osasunaren adierazgarri dira, eta, horrela, ibaiaren zati bateko ornogabeen azterketa zehatz baten bidez ebalua dezakegu kutsadura maila.
Ondo zaindutako ibai baten ertzetan, ibarbasoak aurkitzen ditugu, eta, dagokien erritmo naturalean garatzen direnean, «galeria-baso» bilakatzen dira. Ibarbaso horiek ibaiaren ibilgua ezkutatzeraino estali dezaketen basoak izaten dira, eta landaredi oso aberatsa dute. Landarediak eragin desberdinak ditu:
- Ibaiaren gehiegizko intsolazioa eragozten du, eta, horrela, ura gehiegi berotzen ez denez, ez du oxigeno galtzeko arriskurik.
- Kutsadura eta zikinkeriak iragazten ditu
- Ibaiertzak higaduraz babesten ditu ura garbia mantenduz.
Landaredia aberatsa denean, fauna ere hala izaten da, landarez elikatzen diren animalietatik hasita harraparietaraino espezien hartu-eman genetikoak ahalbideratuz. Basa-katuak, azeriak, ipurtatsak, apoarmatuak edo erbinudeak ibarbasoez baliatzen dira lurralde berriak populatzeko. Eta beren neguko lurretara iristeko gai izango ez diren hegazti migratzaileak ibarbaso horiei esker iritsiko dira adarrez-adar saltoka kilometroak egin ditzaketelako horrela. Aberastasun biologiko horren ondorioz, ornodun handiak iristen dira: hontz handia, basa-katua, igaraba eta katamotzak.
Kutsadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ura baliabide berriztagarria da, giza jardueraren ondorioz arriskuan dagoena. Euritik datorren ur garbia bere lehen karga kutsatzailea jaso dezake lurrera iritsi aurretik ere, hainbat substantzia kimikoak disolbatzean (anhidrido karbonikoa, sufre oxidoa eta nitrogeno oxidoa bezalakoak) euri azido bihurtuz. Zelaiak zeharkatzean, ibaiko ura pestizidaz karga daiteke, eta, hirietatik igarotzen denean, hainbat produktu eraman ditzake arrastaka, hala nola gasolina, automobil-olioak, hondakin organikoak, metal astunak, etab. Ibaiek kutsatzaile batzuk kentzeko nolabaiteko gaitasuna erakusten dute, baina, horretarako, oso tarte luzea behar dute bakterioek beren arazte-lana egin ahal izan dezaten.
Ibaietako ura kutsatzen duen faktore handiena izaki bizidunak dira. Horiek mota hauetako hondakinak botatzen dituzte ibaietara:
- Oxigenoa behar duten hondakinak.
- Pestizidak.
- Produktu kimikoak eta gai inorganikoak.
- Euriak sortzen dituen sedimentuak.
- Substantzia erradioaktiboak.
- Merkurioa.
- Estoldetako kutsadura.
- Gas toxikoen emisioa.
- Zentral energetikoak itzultzen duten ura.
- Plastikoak.
- Ur-bilduak.
Hauek dira munduko 10 ibai kutsatuenak[17]:
- Salween
- Danubio
- Río de la Plata
- Rio Grande (Río Bravo)
- Ganges
- Indo
- Nilo
- Murray-Darling
- Mekong
- Yangzi
Erabilerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eraikuntza materialak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ibaiek sortzen eta higatzen dituzten sedimentu lodi batzuk, hala nola legarra eta harea, maiz erabiltzen dira eraikuntzan. Horregatik, ibai eta bere ertzetatik, eraikuntza materiala erauzi ohi da, bai eskuz, bai makineria erabiliz, aire zabaleko harrobietan bezala. Munduko zenbait lekutan, ekintza horrek aintzira-habitat berriak sor ditzake erauzitako lurrak urez betetzean. Beste kasu batzuetan, ibai-ohea eta ibilgua desegonkor ditzake, eta kalte handiak eragin arrain-populazioetan, erruteko legar eta hartxintxar multzoak behar baitituzte.
Energia ekoizpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ur-laster azkarreko ibaiak eta ur-jauziak energia iturri gisa erabiltzen dira ur-errotak eta zentral hidroelektrikoak erabiliz. Gehienetan, urtegiak eraikiz erabili izan da ibaietako ura, baina, ez beti, noriak zuzenean ibaian ezarri baitaitezke. Errotak aspalditik erabili izan dira, batez ere zerealak xehatzeko eta irina ekoizteko. Euskal Herrian, ohikoa izan da ibaien ura erabiltzea burdinoletan burdina lortu eta lantzeko. Lurrun-makinak asmatu aurretik, artilea eta beste ehunak prozesatzeko ere, ohikoak izan ziren errotak Europan zehar. Azken hamarkadetan, hazkuntza nabarmena izan da eskala handiko zentral hidroelektrikoen garapenean, batez ere eskualde menditsu eta hezeetan.
Janari iturria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ibaiak janari iturri izan dira historiaurreko garaietatik[18]. Maiz, arrain-iturri oparo eta uretako beste izaki jangarri izaten dira, baita ur gezaren iturri nagusia ere edateko eta ureztatzeko erabil daitekeena.
Nabigazioa eta garraioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ibaiak milaka urtez erabili izan dira nabigatzeko. Erakusgarri zaharrena Indus haraneko kulturan aurkitzen da India ipar-ekialdean, K.a. 3300 inguruan[19]. Ibai-nabigazioak garraiobide merkea eskaintzen du, eta, oraindik, munduko ibai handienetan erabiltzen da, hala nola Amazonas, Ganges, Nilo, Mississippi, Ibai Urdina eta Danubion.
Baso ugari dagoen eskualde batzuetan –Eskandinavian eta Kanadan, adibidez–, egurgileek ibaia erabiltzen dute zuhaitz ebaki berriak flotatuz ibaian behera garraiatzeko ahalegin eta kostu handiak aurreztuz[20]. Aspaldi, Nafarroan erabilitako garraiobidea zen, almadiak erabiliz, enborrak Ezka ibaian behera Ebrora eramateko[21].
Muga politikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ibaiek garrantzia izan dute muga politikoak erabakitzeko eta herrialdeak defendatzeko unean. Adibidez, Danubio Erromatar Inperioaren muga luzea izan zen, eta, gaur egun, Bulgaria eta Errumania artekoa zedarritzen du. Ipar Amerikan ezaguna da AEB eta Mexiko arteko ekialdeko muga, Rio Grande/Rio Bravok zedarritua. Euskal Herrian ere, garrantzi handikoa izan da historian zehar Bidasoak eragindako muga Espainia/Gipuzkoa eta Frantzia/Lapurdi artean.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Industria aurreko garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lurreko lehen zibilizazioak uholde-lautadetan sortu ziren, duela 5.500 eta 3.500 urteen artean[22]. Ibaiek emandako ur gezak, lur emankorrak eta ur-garraioak gizarte konplexuak azaleratzeko baldintzak sortzen lagundu zuten. Mota honetako hiru zibilizazio izan ziren: sumertarrak Tigris-Eufrates ibai sisteman; antzinako zibilizazio egiptoarra Nilon, eta Indus ibarreko zibilizazioa Indus ibaian[22][23]. Gizarte horiek bizirauteko, inguruko basamortuetako klimek bereziki eragin zuten ibaien menpe egotea, eremu horietan jendea multzokatzera eramanez lehen hiriak osatzeko[3]. Uste da, halaber, zibilizazio horiek izan zirela basamortuko inguruneen ureztatzea antolatu zuten lehenak elikagaiak hazteko[3]. Elikagaiak eskalan hazteak jendeari aukera ematen zion beste rol batzuetan espezializatzeko, hierarkiak osatzeko, eta modu berrietan antolatzeko. Horrek zibilizazioa sortzera eraman zuen[3].

Industria aurreko gizarteetan, ibaiak garraiobide eta baliabide ugari ematen zuten[22][3]. Zibilizazio asko, bizirik irauteko, bertakoak ziren baliabideen mende zeuden. Merkantzien garraioa, batez ere ibaietan egurra flotatzen garraiatzeko, bereziki garrantzitsua izan zen. Ibaiak ur edangarriaren iturri garrantzitsua ere baziren. Ibaien inguruan eraikitako zibilizazioentzat, arraina gizakien dietaren zati garrantzitsua zen[3]. Ibai batzuek arrantza jarduerak babesten zituzten, baina, nekazaritzarako, desegokiak ziren, hala nola Ozeano Bareko ipar-mendebaldekoak[3]. Ibaietan edo haiengandik hurbil bizi diren beste animalia batzuk dira Igelak, muskuiluak eta kastoreak, eta, horiengandik, ondasun baliotsuak atera zitekeen, hala nola janaria eta ilajea[22].
Gizakiak milaka urte daramatza ibaiak erabiltzeko azpiegiturak eraikitzen[22]. Kairotik (Egipto) gertu dagoen Sadd el-Kafara presa, Nilo ibaiaren gainean, duela 4.500 urte eraikitako antzinako presa da. Antzinako Erromako zibilizazioak akueduktuak erabiltzen zituen ura hiriguneetara garraiatzeko. Espainiako musulmanek errotak eta ur-gurpilak erabili zituzten VII. mendetik aurrera. 1300 eta 1492 artean, presa handiagoak eraiki ziren Japonian, Afganistanen eta Indian, 15 metrotik gorako 20 presa barne[22]. K.a. 3000. urtean hasi ziren ubideak eraikitzen Egipton, eta zanga-mekanikoaren sistema erabiltzen hasi ziren uraren maila altxatzeko[3]. Lehorte-urteek kalte egin zieten laboreen etekinei, eta gizarteko buruzagiek pizgarriak jaso zituzten uraren eta elikagaien eskuragarritasun erregularra bermatzeko eta boterean jarraitu ahal izateko. Zanga eta ubide gisako ingeniaritza-proiektuek krisi horiek saihesten lagun lezakete[3]. Hala eta guztiz ere, froga batzuen arabera, lautadetan oinarritutako zibilizazioak, noizbehinka, abandonatuak izan ziren eskala handian. Hori azpiegiturak suntsitu zituzten ezohiko uholde handiei egotzi izan zaie; hala ere, badaude ebidentziak klimaren etengabeko aldaketek (idortasun handiagoa eta ibaiaren fluxu txikiagoa) izan daitekeela ibaien zibilizazioek desegin zutenaren faktore erabakigarria[3].

Ur-gurpilak gutxienez duela 2.000 urte hasi ziren erabiltzen ibaien energia aprobetxatzeko[22]. Ur-gurpilek errotazio-energia eman dezakeen ardatz bat biratzen dute ura akueduktuetara eramateko, mailu batez metala lantzeko, eta aleak ehotzeko errotarri batekin. Erdi Aroan, ur-errotak eskuzko lanaren alderdi asko automatizatzen hasi ziren, eta azkar hedatu ziren. 1300. urterako, Ingalaterran bakarrik, 10.000 errota zeuden gutxienez. Erdi Aroko ur-errota batek 30-60 giza langileren lana egin zezakeen[22]. Ur-errotak presekin batera erabili ohi ziren uraren abiadura zentratu eta handitzeko. Ur-gurpilak Industria Iraultzara arte, eta haren bidez, erabiltzen jarraitu ziren ehun-erroten eta beste fabrika batzuen energia-iturri gisa, baina, azkenean, lurrun-energiak ordezkatu zituen[22].
Industria garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibaiak gehiago industrializatu ziren teknologiaren eta giza populazioaren hazkundearekin[22]. Arraina eta ura beste nonbaitetik ekar zitezkeenez eta merkantziak eta pertsonak trenbidez garraia zitezkeenez, industriaurreko ibai-erabilerak gutxitu egin ziren erabilera konplexuagoen mesedetan. Horrek esan nahi du ibaietako tokiko ekosistemek babes gutxiago behar zutela, gizakiak gero eta gutxiago behar baitzituzten heien etengabeko loraldirako. Ibai-ingeniaritza industria hidroelektrikoa ahalbidetzen zuten proiektuak, merkantziak modu eraginkorragoan mugitzeko ubideak, eta uholdeak prebenitzeko proiektuak garatzen hasi zen[22][24].
Ibai-garraioa, historikoki, lurrez egindako garraioa baino nabarmen merkeagoa eta azkarragoa izan da[22]. Ibaiek urbanizazioa aurrera eramaten lagundu zuten, bada, ondasunak ibaian behera urez eraman baitzitezkeen, hala nola alea eta erregaia, hiriak baliabidez hornitzeko[25]. Ibai-garraioa egurraren industriarako ere garrantzitsua izan da, enborrak ibai bidez bidal baitaitezke. Baso trinkoak eta ibai-sareak dituzten herrialdeek, hala nola Suedia, historikoki, gehien baliatu dute merkataritza-metodo hori. Autobideen eta automobilaren gorakadak praktika hori hain ohikoa ez izatea eragin du[22].

Lehen ubide handietako bat Canal du Midi izan zen, Frantzia barruko ibaiak lotzen zituena Ozeano Atlantikotik Mediterraneo itsasorako bidea sortzeko[24]. Ubideak eraikitzea ohikoagoa bihurtu zen XIX. mendean, eta, 1830erako, AEBk 7.100 km ubide zituen eraikiak. Ibaiak eskala handiagoko zamaontziek erabiltzen hasi ziren, eta ubide horiek ibai-ingeniaritzako proiektuekin batera erabiltzen ziren, hala nola dragatze eta zuzentzearekin, salgaien mugimendu eraginkorra bermatzeko[24]. Horrelako proiektu handienetako bat Mississippi ibaiarena da, zeinaren drainatze-arroak Estatu Batuetako mugakide diren % 40 estaltzen duen. Orduan, ibaia Estatu Batuetako mendebalde ertaineko laboreak eta hegoaldetik beste estatu batzuetara zein Ozeano Atlantikora kotoia bidaltzeko erabili zen[24].
Hiri-ibaien eginkizuna merkataritza-, elikadura- eta garraio-gune izatetik erabilera horiek hain beharrezkoak ez diren garai modernoetara eboluzionatu du[25]. Ibaiak, oraindik ere, funtsezkoak dira hirien eta nazioen kultura-nortasunean. Adibide ospetsuen artean daude: Tamesis ibaiak Londresekin duen harremana; Sena ibaiak Parisekin, eta Hudson ibaiak New York hiriarekin[25]. Administrazio modernoen helburu bat izan da uraren kalitatea berreskuratzea eta hiri-ibaiak birsortzea. Adibidez, Sena ibaian, duela 100 urte baino gehiago da igeri egitea debekatu zutela, kutsaduraren eta E. coli bakterioaren hedapenaren inguruko kezkengatik, 2024ko Udako Olinpiar Jokoetan erabili ahal izateko garbiketa egin arte[26]. Beste adibide bat Municheko Isar ibaia lehengoratzea da; izan ere, ezponda gogorreko ubide erabat kanalizatua izatetik, zabalagoa eta landaredidun ibaiertz naturalak izatera pasa da[27]. Horrek Isarren faunaren habitata hobetu du, eta ibaian aisialdirako aukera gehiago eman ditu[27].
Ibai sakratuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ibai sakratuak eta haien begirunea hainbat erlijiotan aurkitzen den fenomenoa da, batez ere erlijioaren muina sineste eko-adiskidetsua denean. Adibidez, indiar jatorriko erlijioek (budismoa, hinduismoa, jainismoa eta sikhismoa) zenbait baso, zuhaitz, mendi eta ibai sakratutzat jotzen dituzte. Hinduismoaren ibai sakratuenen artean daude Ganges[28], Yamuna[29][30] eta Sarasvati (ikus zazpi ibai sakratuak).
Ibaiak munduan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Munduko 3 ibai luzeenak hauek dira: Nilo (6.718 km), Amazonas (6.500 km) eta Ibai Urdina (6.300 km). Hala ere, Amazonas da handiena, argi eta garbi, urtegirik (6.150.000 km²) eta emaririk handiena (190.000 m3/s) dituena.
Europan, ibai handienak Volga (3.700 km) eta Danubio (3.019 km) dira.
Luzeenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Hurrengo datuak batez besteko luzera balioetsiekin bat datoz. Ibai baten luzera, iturburuaren eta ibai ahoaren araberakoa da. Neurketan, alde handiak izaten dira maiz, eta, horregatik, sailkapen horren eztabaidak sor daitezke.
Munduko hamar ibairik luzeenak hauexek dira:
- Nilo (6.690 km)
- Amazonas (6.400 km)
- Ibai Urdina (Chang Jiang) (6.245 km)[31]
- Mississippi-Missouri (6.210 km)[31][32][33]
- Jenisei (5.550 km)
- Huang He (Ibai Horia) (5.464 km)
- Ob (5.410 km)
- Amur (4.410 km)
- Kongo (4.380 km)
- Lena (4.260 km)
Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ebro da Euskal Herritik igarotzen den ibairik luzeena (910 km), Araba eta Nafarroa hego-mendebaleko mugetatik pasatzen da.
- Aragoi ibaia da biderik luzeena egiten duena, 192 km-koa hain zuzen. Esako urtegian jaiotzen da, eta, Nafarroa zeharkatu ondoren, Ebro ibaiarekin bat egiten du.
- Euskal Herriko kostaldean ura isurtzen duten ibaietatik, Aturri da luzeena eta ur emari handiena duena.
Nerbioi-Ibaizabal ibaia da Bizkaiko golkoan ura isurtzen duten ibaien artean ibilbiderik luzeena egiten duena (75 km-koa), guzti-guztia euskal lurraldeetan egina.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ «Ibai». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2021-09-29.)
- ↑ a b Wohl, Ellen E.. (2014). Rivers in the Landscape: Science and Management. (1. ed.. argitaraldia) Newark: John Wiley & Sons, Incorporated ISBN 978-1-118-41490-3..
- ↑ a b c d e f g h i j Macklin, Mark G.; Lewin, John. (2015-02-03). «The rivers of civilization» Quaternary Science Reviews 114: 228–244. doi: . Bibcode: 2015QSRv..114..228M..
- ↑ (Ingelesez) First Peoples | Asia | Episode 3. 2015-06-30 (kontsulta data: 2025-06-15).
- ↑ Dura, Gyula. (2006). Management of Intentional and Accidental Water Pollution. Dordrecht: Springer Netherlands ISBN 978-1-4020-4800-5..
- ↑ (Ingelesez) Petr, Libor; Petřík, Jan; Kočár, Petr; Dresler, Petr. (2025ko otsaila). «Late Holocene Environmental Changes and Human Subsistence in an Alluvial Landscape: A Case Study from the Pohansko Site on the Dyje (Thaya) River in Czechia» Human Ecology 53 (1): 151–164. doi: . ISSN 0300-7839. Bibcode: 2025HumEc..53..151P..
- ↑ (Ingelesez) Li, Ruibao; Nitsche, Frank; Arndt, Hartmut. (2018ko abuztua). «Mesoscale investigations based on microsatellite analysis of the freshwater sponge Ephydatia fluviatilis in the River-Sieg system (Germany) reveal a genetic divergence» Conservation Genetics 19 (4): 959–968. doi: . ISSN 1566-0621. Bibcode: 2018ConG...19..959L..
- ↑ (Ingelesez) Solé, M.; Fetzer, I.; Wennrich, R.; Sridhar, K.R.; Harms, H.; Krauss, G.. (2008ko urtarrila). «Aquatic hyphomycete communities as potential bioindicators for assessing anthropogenic stress» Science of the Total Environment 389 (2–3): 557–565. doi: . PMID 17931691. Bibcode: 2008ScTEn.389..557S..
- ↑ Ibai hitza Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan, Euskaltzaindia.(kontsulta: 2021-10-01)
- ↑ «ur». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2021-10-01.)
- ↑ «erribera». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2021-10-01.)
- ↑ «uhaitz». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2021-10-01.)
- ↑ «errio». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2021-10-01.)
- ↑ Ibai Euskaltzaindiaren pertsona-izenen zerrendan, onomastika batzordea (kontsulta: 2021-10-01)
- ↑ Ibaia Euskaltzaindiaren pertsona-izenen zerrendan, onomastika batzordea (kontsulta: 2021-10-01)
- ↑ (Gaztelaniaz) J. Tarbuck, Edward. Aguas Superficiales - Valles fluviales - Valles Estrechos. Corrientes Superficiales de Agua, 16 or. (kontsulta data: 2021-06-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) Los 10 ríos mas contaminados del mundo
- ↑ (Ingelesez) "National Museum of Prehistory-The Peinan Site-Settlements of the Prehistoric Times". nmp.gov.tw.
- ↑ (Ingelesez) "WWF – The World's Rivers". panda.org.
- ↑ (Ingelesez) Logging Camps: The Early Years. .
- ↑ NAFARROAKO ALMADIAZAINEN KULTUR ELKARTEA. .
- ↑ a b c d e f g h i j k l m Middleton, Nick (26 April 2012). ""Introduction", "River ecology", "The Amazon: mightiest of them all", "River floods", "Sacred flows", "The first civilizations", "Natural barriers", "River rights and conflicts", "Water power", "Tamed rivers"". Rivers: A Very Short Introduction. New York City: Oxford University Press (published 2012). ISBN 978-0-19-958867-1
- ↑ When Rivers are Borders. NASA Earth Observatory 2020-09-17 (kontsulta data: 2024-07-17).
- ↑ a b c d Rivers in History: Perspectives on Waterways in Europe and North America. University of Pittsburgh Press 2008 doi: . ISBN 978-0-8229-4345-7. (kontsulta data: 2025-06-22).
- ↑ a b c Francis, Robert A.. (2012ko ekaina). «Positioning urban rivers within urban ecology» Urban Ecosystems 15 (2): 285–291. doi: . ISSN 1083-8155. Bibcode: 2012UrbEc..15..285F..
- ↑ Nouvian, Tom. (2024-07-17). «Paris mayor dips into the Seine River to showcase its improved cleanliness before Olympic events» Associated Press News (kontsulta data: 2024-07-22).
- ↑ a b (Ingelesez) «Isar-Plan – Water management plan and restoration of the Isar river, Munich (Germany)» climate-adapt.eea.europa.eu (kontsulta data: 2025-06-22).
- ↑ (Ingelesez) Alter, Stephen. (2001). Sacred Waters: A Pilgrimage Up the Ganges River to the Source of Hindu Culture. Houghton Mifflin Harcourt Trade & Reference Publishers ISBN 978-0-15-100585-7. (kontsulta data: 2013-07-30).
- ↑ (Ingelesez) Jain, Sharad K.. (2007). Hydrology and water resources of India—Volume 57 of Water science and technology library. Springer, 344–354 or. ISBN 978-1-4020-5179-1..
- ↑ (Ingelesez) Hoiberg, Dale. (2000). Students' Britannica India, Volumes 1-5. Popular Prakashan, 290–291 or. ISBN 0-85229-760-2..
- ↑ a b Yanzi eta Mississippi ibaien arteko sailkapena eztabaidagarria da oso, antzeko luzerak baitituzte
- ↑ (Frantsesez) P. Carrière, « Mississippi et Missouri » artikulua, Encyclopædia Universalis, 2002
- ↑ (Frantsesez) Roger Brunet (dir.), Géographie universelle : États-Unis, Canada, Paris, Hachette-Reclus, 1992, ISBN 978-2-01-014829-3, 186 or.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]![]() |
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: ibai . |